b97c69b0-f419-4ffb-ba84-284c5be3d38d

Maristak Durango eta Techint Vilnius: Erasmus+ mugikortasun batek etorkizuneko lankidetzari ateak zabaltzen dizkio
Maristak Durango y Techint Vilnius: una movilidad Erasmus+ que abre la puerta a una colaboración con futuro

HETELek bideratutako Erasmus+ KA1 mugikortasun-bekei esker, Maristak Durangoko bi ordezkarik —berrikuntzaren arduradunak eta komunikazio eta estrategiaren arduradunak— Lituaniako Techint Vilnius Technology and Engineering Training Center zentroan bi eguneko egonaldia egiteko aukera izan dute.

Mugikortasun hau aukera bikaina izan da Maristak Durangorekin antzekotasun handiak dituen Lanbide Heziketako zentro baten funtzionamendua gertutik ezagutzeko. Zentro lituaniarreko project manager-ak bisitaldian zehar lagundu die gure ordezkariei, bertako irakaskuntza-metodologia eta hainbat familia profesionaletako baliabideak erakutsiz: Informatika, Administrazioa, Elektrizitatea-Elektronika, Robotika, Diseinu industriala eta Energia.

Instalazio moderno horiek ezagutzeaz gain, Maristak Durangoko ordezkariek hainbat espezialitatetako irakasleekin esperientziak, praktika pedagogikoak eta ikasgelako dinamikak partekatu ahal izan dituzte. Azpimarratzekoa da bi ordezkariak Informatikako (IT) irakasleak ere badirela, eta horri esker, zentro lituaniarreko irakaslegoarekin harreman zuzenagoak sortu eta bi zentroetako ikasleekin etorkizunean proiektu eta erronka partekatuak garatzeko aukera sortu dela.

Topaketa hauetan, Maristak-en ETHAZI metodologia (erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboa) ere aurkeztu zieten Techint Vilnius-eko taldeari. Gure Lanbide Heziketaren ikur nagusietako bat den metodologia honek interes handia piztu zuen bertako profesionalei, eta gure esperientziatik ikasi nahi dutela adierazi zuten, etorkizunean bisita bat eginez euren ereduan antzeko elementuak txertatzeko asmoz.

Bi zentroek ikusi dute ez dutela familia profesional berberak bakarrik partekatzen, baizik eta berrikuntzan, etengabeko hobekuntzan eta Lanbide Heziketaren nazioartekotzean oinarritutako ikuspegi bat ere badutela komunean. Lehen harreman honek etorkizuneko lankidetzarako aukerak zabaldu ditu: proiektu bateratuak, ikasle eta irakasleen mugikortasunak, jarduera partekatuak eta nazioarteko erronka didaktikoak.

Esperientzia hau bisita tekniko hutsa baino askoz gehiago izan da: kalitatezko Lanbide Heziketaren aldeko konpromisoa duten bi zentroen arteko harreman baten abiapuntua izan da, ingurunearekin konektatuta eta elkarrekiko ikaskuntzara irekita.

Maristak Durangotik eskerrak eman nahi dizkiogu Techint Vilnius-eko taldeari haien harreragatik eta gure lan egiteko eraren aurrean erakutsitako interesagatik. Era berean, HETELen lana ere aitortu eta baloratu nahi dugu, izan ere, beraien laguntza eta koordinazioari esker bihurtzen dira horrelako mugikortasunak benetako hazkunde-aukerak zentroentzat, irakasleentzat eta ikasleentzat.

Partekatu:

Lotutako artikuluak