DEVISE4KE Maristak Durango ikastetxean

Maristak Durangok DEVISE4KE proiektuaren amaierako konferentzian Kenyako eta Europako erakundeak bildu ditu

Maristak Durangok DEVISE4KE Europako proiektuaren amaierako konferentzia hartu du gaur. Azken hiru urteotan, ekimen honek Kenya, Alemania, Irlanda eta Euskadiko erakundeak elkartu ditu, Keniako landa-inguruneetako hezkuntza eta Lanbide Heziketa hobetzeko helburuarekin.


Jardunaldia proiektuaren emaitzak eta ikaskuntzak partekatzeko aukera izan da, baina baita testuinguru horietan oraindik ere indarrean dauden erronken inguruan hausnartzeko gunea ere: digitalizazioa, baliabideetarako sarbidea, irakasleen prestakuntza, aukera-berdintasuna eta ikasgelan ikasitakoaren eta lan-munduan eskatzen diren gaitasunen arteko lotura.


Ekitaldiari hasiera emateko, Ina Dantza Eskolako kideek aurresku berezia eskaini dute, Europatik eta Keniatik etorritako parte-hartzaileei eta erakunde laguntzaileei ongietorria emateko. Ondoren, Daniel Irazola Maristak Durangoko zuzendariak eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak konferentzia inauguratu dute, nazioarteko lankidetzak, hezkuntzak eta berrikuntzak garapena sustatzeko eta aukera berriak sortzeko duten garrantzia azpimarratuz.


Konferentziaren lehen hitzaldia Gotzon Bernaolak (Innobasque) eskaini du. Lanbide Heziketan berrikuntzak duen eginkizunaz eta landa-inguruneetan aukera berriak sortzeko izan dezakeen ahalmenaz aritu da. Ondoren, Jonathan Mulwak (Rongo University) Keniako hezkuntza-errealitatera hurbildu ditu bertaratuak, eta gaitasunetan oinarritutako hezkuntza-eredurantz egiten ari diren trantsizioaren berri eman du.


Bestalde, Miriam Lylek (SED) genero-berdintasunean jarri du arreta, eta STEM arloetan neska eta emakumeen parte-hartzea sustatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du. Digitalizazioari lotutako ikuspegia, berriz, Julian Ngek (Warnborough College Ireland) eta Vivian Harbertsek (Bremengo Unibertsitatea) ekarri dute. Lehenak ikaskuntza irekiago eta malguagoen inguruan hitz egin du; bigarrenak, berriz, prestakuntza benetako lan-egoeretara hurbiltzeko metodologia praktikoak aurkeztu ditu.


Era berean, Nuria López de Guereñuk (EKI Fundazioa) Europa eta Afrikaren arteko lankidetzaren inguruko ikuspegi praktikoa eskaini du, prestakuntzan, laguntzan eta tokiko gaitasunen garapenean oinarritutako esperientziak partekatuz.


Jardunaldiko unerik esanguratsuenetako bat Keniako ikastetxeetako ordezkarien testigantzak entzutea izan da. Miramba Secondary School, St. Joseph Olando Secondary School eta Kiabuya Secondary Schooleko ordezkariek proiektuan bizi izan duten esperientzia, ikasitakoa eta euren ikastetxeetan aplikatu ahal izan dituzten hobekuntzak aurkeztu dituzte. Arratsaldean, Ricardo Ferreirak (Maristak Durango) proiektuaren ardatz nagusietako bat berreskuratu du: benetako lan-prozesuak ikaskuntzarekin eta gaitasun profesionalen garapenarekin modu eraginkorragoan lotzea.


Jardunaldia saio parte-hartzaileekin amaitu da. Bertaratuek ideiak trukatzeko, harreman berriak sortzeko eta etorkizuneko lankidetza-aukerak aztertzeko aukera izan dute. Horrela, konferentzia ez da soilik proiektu baten amaiera izan; etorkizuneko ekimen berriak irudikatzeko eta eraikitzeko abiapuntua ere bihurtu da.


DEVISE4KE proiektuak hiru urteko lankidetza, ikaskuntza partekatua eta herrialde desberdinetako ikastetxe, unibertsitate eta erakundeen arteko harreman berriak utzi ditu ondare gisa. Baina, batez ere, ideia argi bat berretsi du: lankidetza eraginkorrena tokian tokiko behar errealetatik abiatzen dena eta bertako pertsonekin batera eraikitzen dena dela.
DEVISE4KE proiektuaren helburuei, parte hartu duten erakundeei eta garatutako jarduerei buruzko informazio gehiago eskuratzeko, interesa duten pertsonek proiektuaren webgune ofiziala kontsulta dezakete: https://devise4ke.com/

Partekatu:

Lotutako artikuluak